
Abenduaren 15etik 28ra bitartean, Alfredo Espinosa Orive Eusko Jaurlaritzako lehen Osasun sailburua izandakoari buruzko erakusketa irekita egongo da Basurtuko Gizarte Etxeko erakusketa aretoan, Bilboko Zankoeta kaleko 1. zenbakian.
Erakusketak tamaina handiko sei panel eta beste hainbat lamina ditu, mediku humanista honen bizitza laburraren hainbat irudi dituztenak. Faxistek Gasteizen fusilatu zuten 1937an, Zarautzen harrapatu ondoren. Tolosatik Santanderrera eraman behar zuen pilotuak Espinosa traizionatu zuen, eta ustezko matxura zela eta, Zarautzeko hondartzan lurreratu zuen hegazkina, han frankistek bere zain zeudelarik.
Salustiano Orive ospetsuaren biloba (“Licor del Polo”-ren asmatzailea), Espinosa errepublikar konbentzitua izan zen, pobreen medikua (ez zuen dirurik kobratzen baliabiderik gabeko gaixoak artatzeagatik) eta justiziaren eta legearen defendatzaile irmoa (beti, hil zen arte, exekuzioen eta errepresio arbitrarioaren aurka agertu zen).
“Erregu bat egin nahi dizut lurraren altzora itzuli baino lehen, eta hauxe da: auzitegiek norbait hiltzera kondenatzen dutenean, nire botoa, beste mundutik, indultuagatik da beti, ama edo emaztea eta seme-alabak izan ditzakeela pentsatzen baitut, eta kondena izugarria beti pertsona errugabeek jasango dute. Eska iezaiezu nire lankideei, nire izenean, nik eskatzen dizudana, eta arren eskatzen dizuet ez dezazuela errepresaliarik egin gaur egun dituzuen presoekin, nik sufritzen dudan bezala nahikoa sufritu baitute”.
Erakusketa abenduaren 28ra arte egongo da zabalik, eta astelehenetik ostiralera bisitatu ahal izango da, 8: 30etik 21: 00etara.
Leizaola Fundazioak antolatu du erakusketa, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren laguntzarekin.